PSIKOMOTRIZITATEA

Gu Gara taldeko kideok etorkizunean hezitzaile izateko garrantzitsua iruditzen zaigun psikomotrizitate saio batean parte hartu dugu. Jarraian, bizitakoan oinarrituz, ikasitakoa azalduko dugu:  



Zer ulertzen dugu psikomotrizitatea diogunean?


Psikomotrizitatea heziketa metodologia edo filosofia bat da, ekintzatik abiatuz haurraren gaitasunak lantzen dira. Hau da, haurrari heldutasun psikologikoko ibilbide bat egiten laguntzen zaio ekintzatik eta jolasetik abiatuta.



Psikomotrizitatea mugimenduaren eta psikismoaren arteko erlazioa bezala ulertzen dugu. Izan ere, haurraren garapen psikologikoa gorputzaren mugimenduaren bitartez ematen da baina betiere kanpoko munduarekin harremanetan; munduarekin elkarrekintzan izandako esperientziek haurraren izaera eta nortasuna, psikismoa, baldintzatzen dute. Mugimenduaren bidez pertsonaren garapen fisiko, psikiko eta soziala ahalbidetzea bilatzen da.

Haurrarentzat mugimendua komunikatzeko eta adierazteko baliabide bat da. Horregatik, mugitzeko aukerarik ez ematea hitzik ez ematea bezala izango litzateke; hau gertatzen bada haurrak ezin izango ditu bere emozioak eta beldurrak adierazi. Honen ondorioz haurrak ezinegon emozionala eta ikaskuntzarako zailtasunak izan ditzake. Hau da, psikomotrizitateak aukera ematen dio haurrari bere bulkadei bide emateko eta bulkada horiek arintzea funtsezkoa da oreka afektiboa lortzeko. Honez gain, psikomotrizitate jarduerak ondorengo helburu hauek ere baditu:
  • Bakoitzaren eta besteen ezagutza bultzatzea.
  • Giro aberasgarria sortzen du.
  • Haurren eboluzioko arazoak detektatzea.
  • Haurraren sormena, komunikazioa eta autoestimua indartzen du.
  • Haurraren ahalmenak identifikatzea eta bere limiteak zeintzuk diren antzematea.

Psikomotrizitatea lantzeko moduan bi korronte nabarmentzen dira; bideratua eta ez bideratua. Bideratua, Picq eta Vayer-en arabera, heziketa fisikoaren bitartez haurraren portaera normalizatzen saiatzen da. Helburuak eskolako ikasketa prozesua erraztea, portaera orokorra hobetzea eta ondorengo heziketa fisikoaren oinarriak finkatzea dira. Beraz, heziketarekin erabat lotuta dago. Ez bideratua aldiz (Lapierre eta Aucouturier), emozioen eta sentsazioen oinarria eta afektibitatea eta nahiak adierazteko tresna gisa erabiltzen da. Erabat egituratutako ariketa zurrunak baztertu egiten dira, joku librea erabiltzen da, eta honen bitartez esperimentazioa eta bizipen aniztasuna bilatzen da. Guzti hau haurraren erritmoa errespetatuz egiten da.


Haurrari heldutasun psikologikoko ibilbide bat egiten laguntzen zaio ekintzatik eta jolasetik abiatuta. Beste modu batera esanda, egitearen plazeretik abiatuta.



Saioen itinerarioa nola gauzatzen da?


Ez bideratutako psikomotrizitate saio baterako parte hartuko duten haurren garapena eta nahiak kontuan hartuta hezitzaileak saioa honako atal hauetan banatzen du:


GELA PRESTATU
Helburu eta edukien arabera, hainbat gune prestatzen dira. Txoko bakoitzean landuko diren gaitasunak haur bakoitzaren mailara egokituta egongo dira. Hezitzailearen esku gelditzen da zenbat txoko antolatu. Gutxienez bi edo hiru gune desberdin izatea gomendatzen da.
Komenigarri da espazioa beti berdin edo antzera antolatua egotea, espazio zehatz horretan ziurtasuna izateko.

HARRERA
Saioa kokatzeko eta umeei segurtasuna emateko balio du. Oinetakoak kendu eta haurrak borobilean jartzen dira.
Hasieran haur bakoitzari bere burua aurkezteko aukera ematen zaio eta ondoren hezitzaileak banaka agurtzen ditu bakoitzaren izena errepikatuz. Haurra jolaserako proiektuak esatera animatzen da, hau da, ea zertan nahi duen jolastu. Ondoren haurrei prestatutako txokoak azaltzen zaizkie, eta saiorako proposatutakoa ere (saioak izango dituen atalak).
Bukatzeko haurrei araua azaltzen zaie: "minik ez eman, minik ez hartu".

PROPOSATUTAKO JARDUERA
Haurrak hezitzaileak proposatutako jarduerak egiten dituzte. Norbaitek parte hartu nahi ez badu ez zaio behartuko baina hezitzailea animatzen saiatuko da.

JOLAS LIBREA
Haurrak etengabe aritzen dira beren kabuz txoko batetik bestera nahi duten materiala mugitzen. Aniztasun honi esker era guztietako gaitasun eta mugitzeko beharrak lantzen dituzte. Hezitzailearen eginkizuna atal honetan txokoak aberastea da.
Denbora amaitu baina minutu batzuk lehenago haurrei jakinaraziko zaie zenbat denbora gelditzen zaien jolas librean aritzeko eta beraz materiala jasotzen hasteko. 

MATERIALA JASOTZEA
Jolas librearekin amaitzean erabilitako materiala jasoko da bere lekuan eta horretarako denen parte hartzea eskatuko da. 

ADIERAZPEN PLASTIKOA
Ahoz, marraztuz, plastilinaz, antzeztuz... saioan bizi izandakoa adieraziko dute haurrek. 
Bizi izandako kontzeptuak barneratzeko, oroimena lantzeko, ordezkapena, izandako bizipenak errepresentatzeko eta kontzeptualizazioa lantzeko guztiz baliagarria gertatzen da. Honen bitartez emozioak pentsamenduaren eremura bideratzen dira. 

AGURRA
Jardueratik deskonektatu behar da eta taldea elkartu. Ariketa albo batera utzi eta hasierako gunean elkartzen dira denak, bertan hitza bihurtzen da protagonista. Oinetakoak jantzi ondoren, edo gela kanpoan badaude jantzi baino lehenago, bizi izandako egoerei buruz hitz egiteko momentua da.
Amaitzeko agurtu (kanta bat erabili daiteke) eta saioa amaitutzat ematen da.



Hezitzailearen jarrera.


Hezitzailea haurraren bidelagun izango da. Haurraren adinaren eta garapenaren arabera antolatuko du espazioa (gehienetan psikomotrizitate gela) eta materiala (tamaina eta azalera askotako pilotak, oihalak, koltxonetak, aroak, goma-aparreko bloke handiak, sokak…). Haurra behatzen egongo da uneoro; izan ere, modu honetan haurra ezagutu eta ulertuko du horrela bere beharrak asetzeko eta, behar izanez gero, hobeto laguntzeko estrategiak izango ditu. Hala ere hezitzaileak, haurrek eskatu ezkero, parte hartze aktiboa ere izan dezake batzuetan; adibidez otsoa izateko eskatzen badiote edo beste egoera batzuetan.


Bestalde, hezitzailearen entzute aktiboa ezinbestekoa da. Haurrarekin lotura afektibo egokia eratu badu eta haurrak eskuragarri dagoela sentitzen badu, konfiantza izango du berarengan eta komunikazio eraginkorra egongo da bien artean. Funtsezkoa da hezitzaileak haurrari hitza ematea eta bere buruaz mintzen laguntzea.


Azkenik hezitzaileak argi utzi beharko du funtsezko araua: “minik ez eman, minik ez hartu”. Honez gain ez dira arau gehiago ezarriko baina, hala ere, egoera konkretu batzuetan mugak jartzea beharrezkoa izan daiteke.



Gure bizipenetatik ondorioztatu duguna.


Psikomotrizitate saio bat burutu ondoren esan daiteke taldeari mota ezberdinetako bizipenak izateko balio izan digula. Lehenik eta behin, arlo pertsonalari dagokionez, ondo pasatzeko balio izan digu; orokorrean oso gustura eta eroso aritu gara eta, batez ere, mugitzeko askatasuna izan da sentimendu nagusia. Gainera kezkak alde batera utzi eta deskonektatzeko balio izan digu saioak. Horrela, saioari esker, buruko gauza guztiak ahaztu eta, erlaxatzeko ere balio izan digu.


Bestalde, arlo akademikoari dagokionez, ez bideratutako psikomotrizitate saio bat nola antolatu eta burutzen den ikasteko balio izan digu. Hezitzaile bezala, hau oso garrantzitsua da haurraren ongizatea eta garapen egokia bermatzeko baliabidea baita.





Comentarios

Entradas populares de este blog

ADIERAZPEN PLASTIKOA

MUSIKA ETA, GORPUTZ ETA ERRITMO HIZKUNTZA

HIZKUNTZA LOGIKO-MATEMATIKOA